Historia
Oiartzungo udalerriaren historia oso aberatsa da, Historiaurrean hasi eta gaur egun arte hainbat giza talde egon baitira bertako lurretan. Oiartzunen ezagutzen diren lehen giza aztarnak Historiaurrekoak dira, eta horren adierazgarri ditugu Oieleku eta Bianditz inguruetan harrespil izenez ezagutzen ditugun hilobien aztarnak (Arritxulangaña, Kauso I, Kauso II, Munerre…), Gainzabalgo trikuharria edo Iturriozko auzoan dagoen Torre kobazuloa.
K.a 19. urtean Kantabriar Gerra amaituta, erromatarrak gaur egun Gipuzkoako lurraldea den inguruan finkatu ziren. Urte luzez, Oiassoko kokagune erromatarra Oiartzun zela pentsatu izan da, baina XX. mendean egin diren aurkikuntzek erakutsi dute Irunen zegoela Oiasso. Hala ere, Arditurriko meatzeetan egin diren prospekzio arkeologikoek erromatarren 44 meatze-unitate dokumentatu dituzte, eta horrek frogatu egiten du gure herrian zibilizazio hori bizi izan zela. Erromatarren beste arrasto bat Andrearriagako hilarria dugu, izen bereko baserritik gertu agertu zena eta egun San Telmo museoan ikusgai dagoena.
XI. mende ingurukoak dira Oiartzungo Erdi Aroko lehen aipamenak. Garai hartan, nafarrek Beloagako gaztelua eraiki zuten Oiartzungo ibarrean, handik pasatzen ziren bide estrategikoak kontrolatzeko helburuarekin. Gaztelu hori hainbat garaitan erabili izan da, eta gertaera historiko askoren lekuko bihurtu da. Erdi Aroaren ezaugarrietako bat ahaide nagusien presentzia izan zen, eta gure herrian Ugartetarrak aipa genitzake, lur eremu handien eta garaiko industrien jaun eta jabeak. Garai hartako industria nagusia burdinolak izan ziren (Gabiola, Aranburuola edo Ugarteola adibidez), eta Arditurriko meatzeetatik ateratako materialak ustiatzen zituzten horietan.
Beloagako gaztelua
Aro Modernoan, europarrak Ameriketara heltzeak lur horien kolonizazioa eta ustiatze sakona ekarri zituen, eta horri esker, zenbait estatu eta norbanako aberastu egin ziren. Oiartzunen, beste herrietan bezala, Ameriketan dirua egin zuten familiek finantzatu zituzten eraikinak ditugu, hala nola, San Juan Bataiatzailearen eritegi eta basilika, edota Done Eztebe elizako zenbait elementu. Erdi Aroan burdinolek hartu zuten garrantzia, eta mende batzuk geroago, berriz, errotak izango dira nagusi; Oiartzun ibaiaren arroan 20 errota ere izan ziren (Isasti, Arraskue, Bidasoro, Ihurrita, Txarondo, Araneder…).
Aro Garaikidearen hasiera Karlistaldiek definitu zuten Euskal Herrian. Oiartzun liberalen esku gelditu zen hasieratik, eta testuinguru horretan, Ozentzioko ermita eraiki zen, Manuel Gabino Sein apaizaren aginduz. Espainiako Gerra Zibila hasi baino lehenagoko urteetan, industrializazio garai bati ekin zitzaien -horren erakusle dugu Artikutzako trenbidea-, baina krisi eta tentsio handiko uneak bizi izan ziren Penintsula osoan. Euskal Herrian bereziki gogor jo zuen 1936ko gerrak eta ondoren etorri zen diktaduraren urte luzeek. Tropa faxistak, Beorlegi buru zutela, oposizio handia topatu zuten Oiartzunen, baina 1936ko uztailaren 27an herrian sartu ziren. Udaletxea hartu eta berehala hasi zen errepresioa, udal karguetatik hasi eta gizarteko arlo guztietara. Gerra zibilak milaka hildako, desagertu eta zigortu utzi zituen: Oiartzunen 21 herrikide fusilatu zituzten, hainbat lagun desagerrarazi eta kartzelara ere jende ugari eraman zuten. Herrian erail zituztenen omenez, Peña Gantxegi arkitektoaren monumentu arkitektoniko-eskulturala eraiki zen 1977an hilerrian. Horretaz gain, Iragorriko hilerriko hobi komunak aurkitu ziren lekuan, Oroimenaren basoa eraiki da, Anton Mendizabal oiartzuarraren eskulturaz osatua.
Ikusten dugunez, asko dira mendeetan Oiartzungo herrian bizi izan diren giza taldeek utzi dituzten ondare kulturalak eta arrasto materialak. Historiaz jositako herria da Oiartzun,eta bizipen horien lekuko dira bere mendi eta kaleak.