ARDITURRI

Aiako Harriko Parke Naturalean kokatzen diren Arditurriko mehatzeak duela 2.000 urteaz geroztik ia jarraian ustiatuak izan dira. Arditurrik abenturaz betetako bidaia eskaintzen dizu, Aiako Harriko Parke naturaleko interpretazio zentroan hasi eta meatzeen bihotzetara eramango zaituen bisita gidatuarekin.

LUBERRI

Luberri Geologia, Paleontologia eta Lur Zientzien azterketa eta zabalkundeari eskainitako kulturgunea da. Euskal Herriko historia geologikoan barrena murgildu eta Oiartzun, Aiako Harria eta Oarsoaldeko geologia gertutik ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen du; bizitzaren eboluzioa eta bizi garen espazio fisikoaren eraketa-prozesuan murgilduz.

URDINOLA-ARIZMENDIENEA ETXE-MUSEOA

Urdinola-Arizmendienea Gipuzkoako arkitekturaren oso adibide nabarmen bat da, bere eraikuntzaren eta estiloaren ezaugarriengatik. XIX. mendeko azken hamarkadetan Oiartzun inguruko udalerrien industrializazio bizkorretik kanpo geratu zen, eta, beraz, Donostiako familia burges baten udako etxe gisa erabili zen, inguruko naturaren joritasunagatik eta bere izaera tradizionala mantentzen zuelako aukeratu zutena. Bisita honek aukera paregabea eskaintzen du iraganeko bizimoduak, portaera sozialak eta gure historiako beste pasarte batzuk ezagutzeko.

Doneztebe eliza eta San Juan kapilla​

Oiartzungo eragile eta norbanakoak, San Esteban elizaren ondarea bizirik mantentzeko lanean bisita gidatuak antolatzen dituzte.

Soinuenea

Euskal Herriko zein mundu osoko musika tresna eta doinuak ezagutuko dituzu, 400 piezatik gorako erakusketarekin. Aerofonoak, idiofonoak, kordofonoak, menbranofonoak, hots jostailuak eta Euskal Herriko musika taldeak identifikatu eta entzuteko aukera eskaintzen dizu Soinueneak.