Eragileak
Oiartzuarren Baitan
Oiartzuarren Baitan, Oiartzungo ahozko ondarea jasotzea, lantzea eta herritarrei eskaintzea helburu duen proiektua da. Proiektuaren sortzailea eta egilea Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilgunea da.
Ihurrita errota sustatzeko elkartea
Ihurrita errota sustatzeko elkartearen helburua publiko orokorrari errota-ondarea hobeto ezagutzeko aukera eskaintzea da. Zehazki Oiartzungo Ihurrita errotarekin lotutako jarduerak gauzatzen dituzte.
Beloaga Bizirik
Beloaga Bizirik Elkartearen helburua Beloaga gaztelua kontsolidatzea eta gizarteratzea, eta gazteluarekin zerikusia duen edozer bultzatzea da. Beloaga gazteluaren hondarrak Oiartzungo bailaran daude, Gurutze auzoko Arkale harkaitzetan, hain zuzen ere. Gaztelua dorre batek eta bost metro beherago zegoen gotorleku nagusiak osatzen zuten eta, nahiz eta batzuen ustez bigarren esparru hori karlistaldietakoa izan, eraikinaren egiturari erreparatzen badiogu, dorrearen garai berekoa dela ikus daiteke. Beste aditu batzuen ustez, litekeena da erromatarren garaitik eraikinen bat egotea harkaitz horietan, talaia hobeezina baitzen Arditurritik Irungo hiri erromatarrera, Oiassora, egiten zen mineral garraioa zaintzeko. Eta 2022ko abenduan aurkitu zen II. mendeko Faustina Zaharraren txanpon erromatarrak, nolabait ere, konfirmatu egiten du hipotesi hori.
Oiartzungo organozaleak
Oiartzungo organozaleen elkartearen helburua San Esteban elizako tekladun soinu-tresnen kontserbazioa, zaharberritzea eta zabalkundea da.
Kattin Txiki
Kattin Txiki Elkartea memoria historiakoaren lanketan aritzen da. Helburu nagusia etorkizuneko belaunaldiei 1936ko gerran eta ondorengo urteetan gertatutakoa transmititzea da.