Ondare mahaia
XX. mende bukaeratik aurrera, asko izan ziren Oiartzun herriko kultura eta ondarea berreskuratzearen aldeko ekimenak bultzatu zituzten norbanako eta taldeak. Gaur egun, ondarea gordetzeko, gizarteratzeko, balioesteko eta izendatzeko beharraz jabetzen hasi da gizartea. Ildo horretan, Udalak proiektu berri bat jarri zuen martxan herriko zenbait eragilerekin 2017. urtean. Proiektu berri horrek Oiartzungo talde eta norbanako eragileak bildu nahi izan ditu Ondare Mahaia izeneko lantaldean. Talde horrek ezagutzak partekatu eta indarrak batu nahi ditu, eta elkarlanean, Oiartzun herriko Kultur Ondarea identifikatu, babestu eta ezagutaraztea dauka helburutzat, betiere gaur egungo ikuspuntutik eta baliabide berriak bilatuz.
Herriko ondarea biltzeko helburua duenari, nahitaezkoa zaio irudi bat sortzea, eta irudi hori bera ere ondare izango da aurrerantzean. Eneko Salaberria oiartzuar diseinatzaileak sortu du lantaldearen irudia: mairu-baratze bat irudikatzen du, oiartzuarrok jaso ditugun ondareetatik aurrenekoetakoa, baina irudian agertzen dena ez da mairu-baratze arrunta, hatz-markaz inguratuta dagoen mairu-baratzea da, historian zehar Oiartzungo Ondarea eraikitzen, edo osatzen, edo biltzen joan den pertsona orok utzi duen lorratzaren adierazgarri. Norbanakoak elkarren bueltan jarrita, talde lanean, historia berreraikiz.
Ondarearen mahaian edonork parte hartu dezake. Urtean 3-4 bilera egiten dira ondarearen inguruan dauden egitasmo ezberdinen inguruko informazioa eman eta etorkizuneko ildoak zehazteko. Parte hartu nahi izanez gero, jarri gurekin harremanetan.