Etxe-museoa
Urdinola-Arizmendienea Gipuzkoako arkitekturaren oso adibide nabarmen bat da, bere eraikuntzaren eta estiloaren ezaugarriengatik. XIX. mendeko azken hamarkadetan Oiartzun inguruko udalerrien industrializazio bizkorretik kanpo geratu zen, eta, beraz, Donostiako familia burges baten udako etxe gisa erabili zen, inguruko naturaren joritasunagatik eta bere izaera tradizionala mantentzen zuelako aukeratu zutena. Bisita honek aukera paregabea eskaintzen du iraganeko bizimoduak, portaera sozialak eta gure historiako beste pasarte batzuk ezagutzeko.
Etxea eta lorategia
1759an Arbide familiako kide batek ekin zion etxea eraikitzeari, Ameriketara joana bertan aberastu zenak. Etxearen jatorrizko egiturak birmoldaketa garrantzitsuak jasan ditu, baina jatorrizko esentzia monumentala mantendu du: hiriko jauregitxo bat, kanpoaldean bere izaera soila eta trazadura neoklasikoa mantentzen dituena. Hasieratik estatus sozial handiko etxebizitza izateko bokazioz eratua, ondorengo mendeetan izan zituen egokitzapen- eta modernizazio-lanek sakondu egin dute ideia horretan.
XIX. mendean sortu zen gaur egun familia nuklear gisa ezagutzen duguna: bikote heteropatriarkala eta seme-alabak, XIX. mendeko ordena sozialaren oinarria. Familia eta etxea bat eginda agertuko dira une horretatik aurrera, eta familiaren proiekzio sozialaren elementu sinbolikoa izango da etxea.
Lorategia funtsezko elementua da multzoan eta Oiartzunen kontserbatzen den bakarra da. XIX. mendeko gizarte burgesak aisialdiaren kontzeptua garatu zuen eta lorategiak familien aisia eta gozamenerako espazio pribatua izan ziren, batez ere goi-klaseko emakumeentzat —modernitatean, praktika sozialen arabera, ez zen onargarria haiek espazio publikoetan agertzea—. Hala, kalitatearen osagaitzat hartu ziren bizitegi-arkitekturan ere. Lorategi horietan animalia eta landare exotikoak zeuden, dotoreziaren eta espiritu kosmopolitaren seinale. Hemen aurkitzen ditugunak magnoliak eta sekuoiak dira.
Etxearen barnealdea eta dekorazioa
Eraikinak hiru solairu ditu eta goiko solairu bat estalkiaren azpian. Barnealdearen oraingo banaketa hurrenez hurren egin izan diren berritze-lanen emaitza da, etxeko gelak XIX. mendeko eta XX. mendearen aurreneko hamarkadetako usadio eta ohitura berrietara egokitzeko.
Etxearen sarrera nagusiko fatxadan Emen sartzen dana, bere etxean dago leloa ageri da, bisitariari harrera egiten eta aldi berean Arizmendi familiaren ezaugarri nagusietako bat iragartzen: bere izaera nazionalista, alegia. Bestetik, oraingo lorategia zeharkatzean ikusiko dugu bertan jarraitzen duela garajerako —zalditegiak zirenak— sarbideak.
Etxebizitzen barne-espazioaren antolaketa modernoa XIX. mendearen bigarren erdian garatu zen, eta gizarte-, genero- eta klase-erritual berrien arabera eratu zen, espazio publikoetatik pribatuetarako trantsizioari jarraituta. Bisita jarduera sozial garrantzitsu gisa ezarri zen. Hala, bisitan zetozenek familiarekin zuten hurbiltasun- eta konfiantza-mailaren araberakoa izaten zen etxeko geletarako sarbidea. Bestalde, aurretik aipatutakoez gain, elementu berriek eragina izan zuten etxearen barne-antolaketan: familia nuklearren egitura eta higiene-teoria berriak.
Sarrera nagusia zeharkatzean atondoa dago. XVIII. mendeko jatorrizko forma mantentzen du eta antzinako garajetik ere sartzen da. Bisitei harrera egiteko funtzioa askotariko dekorazio-elementuek eta altzariek nabarmentzen dute, mota eta kronologia desberdinetakoek, baina guztiek betetzen dute funtzio bera: harrera eta eserlekua eskaintzea. Izan ere, atondoan jasotzen da etxearen barnealdearen eta bertan bizi direnen aurreneko inpresioa. Ikusten ditugun dekorazio-elementuen estiloek jendaurrean irudi publikoa emateko balio dute, eta berriro agertuko dira bisitarientzako etxeko gainerako geletan: euskal estilo berriko altzariak eta estilo frantseseko elementuak.
Lehenengo solairua pisu nagusi gisa pentsatuta dago eta bi ekintza sozialei erantzuten die: jatearena (jangela eta sukaldea) eta egotearena (egongela). Jangela erreferentziazko lekua da etxe guztietan: atondoan bezala, euskal estilo berriko altzariak dira eta euskal baserri tradizionalak gogorarazten dituzte. Arizmendi familiaren —etxearen jabe 1920tik— filiazio ideologiko nazionalista bat dator karga sinboliko eta identitario nabarmena duten altzari horiekin. Jangelaren ondoan, gela urdina dago. Harrigarria da egongela txiki honen izaera, jangelarekin eta etxe osoarekin kontrastean. Hormaren papera nabarmentzen da; zetaren testura imitatzen du, familiaren gustu frantsesa erakutsiz. Bisitarientzat soilik gordetako espazioa da, ingurune honetan berdinik ez duen halako gustu sofistikatu eta kosmopolita proiektatzeko asmoz dekoratua.
Barneko espazioen erabilerari dagokionez, sukaldea eta jangela solairu berean egoteak familia eta etxeko zerbitzariak hurbil egoteko aukera ematen du, kontuan hartuta oso murriztuak direla haien arteko elkarguneak. Bi taldeen arteko distantzia sozial sinbolikoa bien artean ezartzen zen distantzia fisikoaren bidez irudikatzen zen. Beraz, etxeko martxa langileen/neskameen eskuetan egon arren, erabat ikusezina zen haien presentzia.
Lehen solairuaren izaera publikoari goiko solairuaren erabilera pribatua kontrajartzen zaio, logelak dauden lekua, alegia. Senar-emazteak hartzen zuten logela nagusia, dekorazioagatik nabarmentzen dena. Beren buruaz proiektatu nahi zuten irudi publikoaren mende ez zegoenez, bestelako izaera bat zuen, modernismoaren eta art déco estiloaren artean. Altzariek garaiko oinarrizko higienerako elementuak dituzte, batez ere emakumeei zuzendutakoak: konketa-altzari bat eta apain-mahai bat. Familiaren gainerako gelak ere solairu horretan daude. Bainugela logelen solairu berean dago eta bi pieza ditu: arropa/jantzigela eta bainugela. Hala ere, etxearen higiene-hornikuntzak historiaren hainbat unetako ohiturak ezagutzeko aukera ematen du: zurezko gernu-besaulki bat mantentzen da, orain sotoan dagoena; galerian, komun arruntak daude; eta lehen aipatutako goiko solairuko bainugelak intimitatearen eta higienearen ikuspegi moderno bat erakusten du, klasearekin eta generoarekin zuzenean lotutako garbitasun fisiko zein moralari erreferentzia egiten ziona.
Estalkiaren azpian, neskameen logela zegoen; neska haiek 7 urte inguru zituztenetik ezkontzen ziren arte aritzen ziren etxeetan zerbitzari-lanetan. Espazio propio eta pribatu bat hornitzea elementu esanguratsua eta aurrerakoia da etxeko langileen tratamenduari dagokionez. Hala ere, klase-bereizketa espazioaren kokapenak ez ezik, altzariek ere markatzen zuten.
Azkenik, 1935ean Angel Arizmendik bere emazte Juana Ayestaranentzat enkargatutako kapera topatuko dugu, urteurreneko opari gisa. Juan Jose Olazabal arkitektoak, GATEPACeko kideak, garai hartako diseinu eta materialik abangoardistenak erabili zituen espazio honetan, kortxoa, besteak beste. Nabarmentzekoa da ere euskararen presentzia bertako hormetan, erlijioak bere susperraldian izan zuen garrantzia gogorarazten diguna.
Etxean egindako azkeneko lana izan zen, 1936ko altxamendu militarrak behartuta, familia, ideologiaz nazionalista, erbesteratu aurretik. Nabarmentzekoa da mugimendu nazionalistari lotutako Emakume Abertzaleon Batza taldean parte hartu zuela Juana Ayestaranek. Etxea Gerra Zibilarekin lotutako hainbat gertaeren lekuko izan da, besteren artean, etxean komandantzia militarra ezarri izana, Angel Arizmendiren atxiloketa eta, ondoren, haren fusilamendua Iberon.