Ondarearen jardunaldiak 2022

2022-11-09

Orain dela lau urte hasitako bidea jarraituz, aurten ere Ondare Jardunaldiak ospatuko dira. Azaroaren 12tik 27ra bisita gidatuez eta erakusketez gozatzeko aukera izango da herrian. Oarsoaldeako turismo bulegoan eman beharko da izena telefonoz (943 49 45 21) edo posta elektronikoz (turismoa@oarsoaldea.eus).

Ekintza nagusiak honakoak izango dira:

  • Elementu zibilak Doneztebe elizan eta inguruan. Elizak ondare material eta inmaterial ugari gordetzen du. Oiartzungoak badu berezitasun bat ordea, herriak eraiki eta bertako jardunean oso esanguratsua izan den espazioa baita. Bizitza zibilarekin lotutako elementu ugari gordetzen ditu eta Joxe Mari Mitxelenaren gidaritzapean guztiak ezagutzeko aukera izango dugu.
  • Lihoa ehunan bihurtuz erakusketa. Lihoa lantzeko tresneria eta prozesuaren inguruko erakusketa ikusteko aukera izango da Udaletxeko pleno aretoan. Azaroaren 19tik 27ra ikusgai egongo da urtetan Estanis Urdanpilleta eta Bixen Larzabalek bildu duten bilduma. Azaroaren 19an 11:00etan erakusketaren irekiera ekitaldia egingo da.
  • Irakasleentzat ondarearen inguruko tailerra. Oiartzungo ondarea ikastetxeetan lantzeko gaur egun dauden tresnen inguruko tailerra izango da. Dagoeneko badauden baliabideen aurkezpen laburra egingo dute Ondare Mahaiko kideek, besteak beste, Arizmendienea eta Ondarearen webgunea. Ondoren, Arizmendienea etxea ezagutu eta ikastetxeei historiako zenbait pasarteko lantzeko ematen dizkien baliabideak aurkeztuko dira.
  • Plazatik Sutarrera ibilaldia. Antton Mendizabalek Oiartzungo kaskoan dituen eskulturen inguruko ibilaldia gidatuko du. Bakoitzaren esanahia eta kokapenaren zergatiak azalduko ditu Plazan hasi eta hilerriaren ondoan dagoen Sutar eskulturaraino.