Oiartzungo ondarearen proiektua

2020-10-17

Zer da Ondare Kulturala?

Zertarako balio du Ondare Kulturalak? Babestea beharrezkoa da? Asko dira kontzeptu honen inguruan sortzen diren galderak, baina ezin dugu ulertu ezagutzen ez dugun hori, beraz lerro hauetan Oiartzungo Ondare bilketa proiektua ezagutu eta galdera ohikoenak  erantzungo ditugu.

Ez da izango XX. mende erdialdera arte non, Ondare Kulturalaren kontzeptua gizartean zabalduko den. Ugariak izango dira momentu honetatik aurrera ondarea definitu eta babesteko sortu diren erakunde eta konbentzioak. Bi gerren arteko garaian ondarea eta kulturaren inguruko kezkak gora egin zuen, gerrak suposatzen zuen suntsipen masiboaren aurrean. Momentu horretan sortu zen Hezkuntza, zientzia eta kulturarako Nazio Batuen Erakundea (UNESCO) 1945. urtean. Erakunde honen helburu nagusia munduko kultur zein natur ondarea identifikatu, zaindu eta babestea izan da. 1972an UNESCO-ren biltzar nagusiak, herrialdeen arteko elkarlanaren beharra mahai gainean jarri zuen, arriskuan zegoen kultur eta natur ondarea babesteko pausoak eman eta hurrengo belaunaldiei transmititzeko beharra azalduz. Hiru urte geroago, 38 artikuluz osatutako Munduko Ondarearen Konbentzioa onartu zen. 1975 urtetik aurrera, asko izan dira egin diren hitzarmenak; horren adierazle da Kultur Ondare Immaterialak zilegitasuna lortzea 2003an.

Kultur Ondarea zer den hitz laburretan azaltzea ez da lan erraza, asko baitira kontzeptu honek bere gain hartzen dituenak. Orokortuz esan dezakegu, kontzeptu oso zabala, subjektiboa eta dinamikoa dela eta gizakiak momentu historiko konkretuetan ematen dion balioak baldintzatzen duela eta ez ondasunak berak. Kultur Ondare Material, higigarri (pintura, eskultura…) eta higiezina (eraikinak…), zein Immaterialak (hizkuntza, ohiturak…) herrien nortasunaren adierazle dira; belaunaldiz belaunaldi transmititu diren kultur adierazpen eta ohitura edo tradizioak. Ondare kulturala herrien identitatea izateaz gain, iragana ezagutu eta oraina eraikitzen du, gizarte guztiarena da eta ondorioz denen artean balioan jarri eta babesteko konpromezua hartu behar dugu.

Oiartzungo ondarearen atzetik

Pentsatu momentu batez, zer gertatuko litzatekeen Arditurriko meategiak, Harrespilak edo Kastroko iturria botako bagenitu? Elementu hauek oiartzuar guztiek ezagutzen dituzten ondarea dira, beraz oiartzuarren identitatea eraikitzen duten zati garrantzitsu batekin bukatuko genuke, gure historia eta gure ondarea herritarren bizitzen pilare diren heinean. Beraz, guregana iritsi den ondarea babesten ez badugu eta ondorioz desagertzen bada, gure nortasunaren zati bat berarekin galduko da. Ondare Material zein Immaterialak sortzen du herri baten nortasuna, eta honen adibide argia dugu hizkuntza. Xabier Amurizaren letrak dioen bezala “zer euskal herri litzake bere hizkuntza ere galtzen duena, ez al dakizu euskara dela euskaldun egiten gaituena?” Adibide hau, inguratzen gaituzten gainontzeko elementu, ohitura eta tradizioetara estrapola daiteke.

Oiartzungo Udalak, herriko Kultur Ondarea bildu eta jendearen eskuetan jartzeko apustu handia egin du azkenaldian. Herritarrek urte luzez plazaratu dute herriko ondarea bildu eta ezagutzera emateko nahia eta aurten desio hori egi bihurtzen ari da. XX. mende bukaeran, asko izan ziren herriko kultura berreskuratzearen aldeko ekimenak bultzatu zituzten norbanako zein taldeak. Gogora ekarri behar dugu oiartzuarren kulturaren bultzatzaile izandako Manuel Lekuona, bailararen inguruan ikertu eta idatzi zuena; edo urte batzuk geroago martxan egondako OBIE taldea. Azken honek ikerketa eta artikulu ugari egin zituen, eskolekin ere elkarlanean aritu ziren “Zaharkinak” izeneko proiektuaren baitan. Asko dira Oiartzungo urtekari zaharretan Oiartzungo Museoa sortzeko egindako ahaleginen berriak. Oiartzungo Museoa ez zen errealitate izatera iritsi, baina estatutu propioak eta Udal Museo Batzordea sortzera iritsi ziren eta hainbat ekimen bultzatu zituzten, galtzear zegoen mundua eta momentuko gizartea babesteko ahaleginetan. Urteetan zehar beraz asko izan dira Oiartzungo historia, kultura eta ondarearen inguruan beraien esparruetan jardun dutenak, hala nola, aipatzekoak dira ere Beloaga Bizirik edo Kattin Txiki taldeak eta Soinuenea, Arditurri edo Luberri museoak, besteak beste.

Ezin dugu ahaztu ere Oiartzungo historia eta ondareari dedikaturiko Mugarri bilduman parte hartu duten historialari zein interesatuak, ondarea gizarteratzeko eta ezagutarazteko beste modu bat, dudarik gabe.

Garai berriak ondarearentzat

Gaur egun ondarea gordetzeko, gizarteratzeko, baloratzeko eta izendatzeko moduak aldatu dira. Duela urte batzuk museoak sortzea zen herri bateko ondarea jasotzeko modu egokiena. Hori dela eta museo txiki eta espezifikoak ugaritu ziren, eta Oiartzunek ere bertako ondarea jasotzeko apustua egin nahian bide hori hartu zuen, ikusi bezala. Gaur egun ikuspuntua aldatu da, bai ondarearekiko eta baita hau nola gorde eta etorkizunera ziurtatzeko.

Horretaz jabetuz, herriko eragile eta Udalak proiektu berri bat jarri zuten martxan 2017an. Bultzatutako proiektu berri honek herriko talde eta norbanako eragileak batu nahi izan ditu Ondare Mahaia deitu den lan taldean. Talde honek ezagutzak partekatu, indarrak batu eta elkarlanean Oiartzun herriko Kultur Ondarea identifikatu, babestu eta aditzera ematea dauka helburu, beti ere gaur egungo ikuspuntutik eta baliabide berriak bilatuz. 2017tik biltzen daraman arren, Ondare Mahaia 2018ko urtarrilean hasi zen forma hartzen. Guzti horren kudeatzailea Miren Amoriza izan da,  Udalak proiektu hau aurrera eramateko kontrataturiko Errenteriako gaztea. Taldea osatuta, eta koordinazioa edukita asko izan dira egindako aurrera pausoak:

  • Eragile guztien elkarlanak datu base batean ondarea biltzeko aukera eman du. Egun 150 fitxa ditugu ondare higiezinaren barruan, 60 fitxa higigarriaren barruan eta 4 ondare Immaterialaren barruan.
  • Udal Biltegian urte luzez ahaztuta egon diren ondasunak identifikatu eta babesteko pausoak eman ditugu. Udal Biltegian aurkitzen diren ondasunen artean, Garmendi baserriko dolarea, errota pikatzeko sistema, hilerri zaharreko gurutzeak, baserri giroko hainbat lanabes etab. Hauetako batzuk beste entitate publiko batzuetara bideratuko dira, bertan baldintza egokietan gordetzeko eta beste batzuk herriko toki ezberdinetan kokatuko dira, beti ere zentzu historikoa jarraituz.
  • Oiartzungo Udalaren webgunean, Udalak babestutako liburu eta bideoen informazio zintzilikatu da.
  • Ondare Mahaitik sumatu den gabezia garrantzitsuetako bat eskola eta herriko talde kulturalen arteko elkarlanaren falta izan da. Gabezia hau ordeztu nahirik eta garai batean eskola eta kulturak izandako estutasuna berreskuratzeko asmoz, Oiartzungo Ondare Mahaitik, herriko eskola eta Ondare mahaiaren arteko elkarlana sustatu nahi da.
  • Europako Ondare Jardunaldietan parte hartzeko ekimenak antolatzea bultzatuko da.
  • Yurrita errota eta herriaren arteko harremana indartzeko konpromisoa hartu dugu eta horrekin lotuta bidegorrian panel informatibo bat jartzea bultzatu da besteak beste.

Ondare Mahaitik, herritarrei prozesu honen parte aktibo izatera gonbidatu nahi zaituztegu, informazio, iradokizun edo galderarik izanez gero gerturatu guregana eta pozik hartuko zaituztegu. Gure aldetik eskerrak eman Oiartzungo Udalari Ondarearen inguruan horrelako apustu bat egiteagatik eta Ondare Mahaiko kide guztiei beraien borondate on eta jarrera positiboagatik. Lan handia da egiteko gelditzen dena, baina guk argi daukagu: Oiartzungo Ondarea zuen esku jarriko dugu!

 

Miren Amoriza eta Suberri Matelo