Bloga
Oiartzun harria
2021-03-11
Arditurriko Bidegorria naturarekin eta historiarekin bat eginez zabalik dagoen atea da; Oiartzun ibaian gora, gure udalerriaren mugetan aurkitzen den lehen interes gunea Ihurrita Errota da. Oiartzungo historiaren testigantza material hau, azpiegitura hidraulikoa eta guzti, 2015eko azaroaren 25ean Eusko Jaurlaritzak kultura ondasun izendatu zuen, monumentu sailkapenarekin.
Jakina den bezala, 2019 urteko urrian Oiartzungo udalak Juansendo errota zenaren harria Ihurrita parean kokatu zuen.
Ihurrita Errota Sustatzeko Elkarteak Oiartzungo udal-barrutian Juansendoko errotarriaren antzekorik noizbait ekoiztu zen frogatu nahi izan zuen 2020 urtean. Horretarako, Aranzadi Elkarteko Javi Castro etnografoarekin harremanetan jarri zen. Azken hamar urtetan irina ehotzeko landutako harriak katalagotzen jardun da Debako bizilaguna. Dagoeneko 314 gune ditu bere baitan, hauetatik 39 Gipuzkoan.
Ihurritakoak ez dira Oiartzungo mugetan errotarrien bila ahalegindu diren lehenak. Aurretik saiatutakoak ere badira, Jose Esteban Irigoien Oiartzuarrak gutun batean idatzitakoaren harira:
“Señor Dn. Ramon Zabala y Salazar
Oyárzun 18 de Agosto de 1867
Muy Señor mio: Recibí la suya de fecha 14 del corriente, y enterado de su contenido en ella, digo á V. en primer lugar; hace bastante tiempo que le hable al hijo del Señor Garbuno sobre las consabidas piedras molideras de trebiño, y de la cantera de los montes de Oyárzun; (…) pues me dijo; que a el una piedra de 5 pies de diametro de las canteras de Trebiño le costó puesto al pié de su molino 24 duros; y amas su colocacion, y de las canteras de Oyárzun dice que una buena piedra cuesta un dineral (…)”
Juansendoko errotarriaren ezaugarriak (Triasiko garaiko “Baztan harri”-a) abiapuntu hartuta gogotsu ekin zioten Ihurrita Errotakoek landa-lanari, Luberri ikasgune geologikoak argitaratutako mapa eskuan, eta Javi Castro-ren aholkularitzapean.
Egun galduriko ofizioa da harrobi haietan lan egiten zutenena: errotarriak egiten zituzten harginak ziren eta, bere garaian, berariazko garrantzia izan zuten gizartean: errotarririk gabe, ezin zen errotarik martxan izan. Eta errotarik gabe, goseak herritarren etxeko atea jo zezakeen.
Harginarena aitatik semera igarotzen zen ofizioa zen garai hartan. Batetik, lanerako tresnak behar zirelako etxean, eta bestetik, esperientzia. Profesionalak ziren harginak, eta teknika eta lan egiteko modua ikasia zuten. Pisu handiko bloketzarrak hausten zituzten falkak eginez, ikaragarrizko zehaztasunarekin, eta, horren ondoren, behin harriari zirkulu forma emanda, errotarria leuntzen zuten. Amaitzeko, erdiko begia edo zuloa egiten zuten.
Orduko Oiartzuar haien lekuan jartzea eskatzen du errotarrien inguruko landa-azterketa zail eta neketsuak; garai hartan bezala, gaur egungo bide asfaltatuetatik at, herri-bide zaharren logikari jarraitu behar zaio bilaketan egoki orientatu nahi bada.
Zuzeneko lekukoen faltan, herritarren jakinduria ezinbestekoa gertatu zitzaien ikerlariei Oiartzungo baso, zelai eta erreketan barrena. Honela, Manuel Lizaso, Pikabea-Sistiaga sendia, Ibon Zapirain, Alejandro eta Jesus Mari Roteta, Joxe Etxezurieta eta Martxel Aranbururen oroitzapenak bide-erakusle, Lerungo harkaitzak, Apatxoko, Iruarrieta, Urku eta Urkullutxiki arakatu zituzten, errotarriei buruzko ebidentziak Antzuzabaleta-Berindoitz-Zelaiburu eremuan aurkitu zituzten arte.
Antzuzabaletatik jasotako errotarria
Zelaiburuko harrobia
Zelaiburuko harrobian aurkitutako hargintza lanak
Javi Castroren gidaritzapean, talde lan bikain baten ondorioz, LARHRA ikerketa programak bultzatutako katalogoan Oiartzungo lehen errotarri-harrobia sailkatzea lortu da:
Ihurrita errotako antepara ondoko ustezko “Baztan harritik” Ergoien auzoko Oiartzun harrira zenbait herritarren bizipenak behar-beharrezko bidelagun izan dira. Horrenbestez, errotagintzaz gain, Ihurrita Errota Sustatzeko Elkarteak Oiartzungo belaunaldien arteko ahoz ahoko transmisioa balioan jarri nahi du lan honekin; azken finean, guraso eta aiton-amonen oroitzapenak ere gure ondarea eta memoria baitira.
Alex Roteta. Ihurrita Errota Sustatzeko Elkartea.