Liburutegiko ipar pareta

2021-11-29

Gaur egun liburutegi/kultura etxea izenarekin ezagutzen dugun eraikuntza 1595 urtearen inguruan egin zen. Bost urte lehenago Cuzcon (Peru) Juan de Arbide oiartzuarra hil zen, bere testamentuan (1), besteak beste, Oiartzungo haranari dirua uzten zion babes-etxea, kapera eta apaizaren bizitza egiteko; kudeaketa udalaren eskuetan uzten zuen kaperaren sarrerako harmarriak garbi aipatzen duenez “patrono de esta casa y ospital es el valle”, baino gure lantxo honen gaia ez da “ospitale xarra” baizik eta bere ipar pareta soilik.

Ospitale xarra berritu baino lehen. Iturria: guregipuzkoa.eus

Eraikuntzaren lau paretetatik bi harlanduzkoak dira eta beste biak zarpiatuak daude izkinetan harlanduzko ostiko habeak dituztelarik. Lukas Etxebeste, 1989ean berritze lanez arduratu zen arkitektoaren ustetan eraikuntza noizbait handitua izan zen eta horma berriak (iparrekoa eta mendebaldekoa) lehengai pobreagorekin (harlangaitza eta Oiartzunen ugaria zen ganga, azken finean burdinolen herrian gaude) egin ziren, egun margotuta daudenak (2).

Ostiko habea

Ez dakigu XVI. mendean eraiki zenean etxea bakarrik zegoen edo bestez inguraturik; ez hain gazteak garenok gogoratzen dugu iparrean ia itsatsita herriko abere hiltegia zegoela. Hau bariantea egiteko bota zen eta ospitale xarreko horman hutsarte nahiko ederra azaldu zen. Arduradunek kasu horietan egiten dena jarraituz adreiluz estali zuten eta jakintsuen aholkua jarraituz zarpiatutako paretak kolore antzekoenaz pintatzea erabaki zuten lan berria gehiegi ez nabaritzeko (3).


Iparreko hormak baditu xelebrekeria gehiago: teilapeko frisoa eta harmarria adibidez. Triglifo eta metopadun frisoak harlanduko bi pareten eredua jarraitzen du, mendebaldekoa delarik bakarra frisorik gabea. Autobus geltokiaren ia parean, San Juan kaleko kantoian garbi ikusi daiteke R (restauración) handi bat jakinarazten diguna berria dela, urtea (1989) eta baita ere txiki-txikian egilearen monograma GPF (Genaro Pedro Fernandez hargina). Harginak egindako lanetan bere marka jartzea Erdi Arotik duten eskubidea da, areago egun zaharberritze lanetan soilik egin dezakete.

Ipar hormako frisoa

 

Harmarriari dagokionez Urkabebaita inguruan zegoen Sein-etxeberri palaziokoa da. 1733 urtean Juan de Seinek, Ramus de Arbide hargina eta Joseph de Zuaznabar arkitektoa kontratu zituen, lehenengoa etxea egiteko eta bigarrena harmarria marraztu (horrela diote dokumentuak, “dibujar”) eta kokatzeko, honi zilarrezko 3.598 erreal (egungo 5,4 euro inguru) ordainduko omen dizkio. Oiartzunen esan ohi da Sein hau Ameriketan ibilia zela baino dokumentuetan ez da horrelakorik aipatzen. Biloba zaharrena bai joan zela eta antza denez bertan hila da. Juan Seinen emaztea Teresa Antonia Portu (Puerto beste batzuetan) Zuloaga zen. Horrek azaltzen ditu harmarriko abizenak. Senarra 1734an hil zen eta seme bakarra 1755ean. Biak hil ondoren hasi ziren liskarrak. Joseph de Zuaznabarrek Vicenta Arteagari (baten erreina eta besteren alarguna) harmarriaren dirua eskatu zionean, aitaginarrebak ez omen zion sekulan ordaindu eta. Arteaga andrea ez dago ados, Juan Sein sekulan zorrak kitatu gaberik uzten ez zuen gizon aberatsa dela dio. 4 hilabete beranduago Oiartzungo udalak Zuaznabarri arrazoia eman eta bi aditu izendatu zituen lanaren prezioa kalkulatzeko; Vicenta Arteagak 300 peso (3,62 euro gutxi gorabehera) pagatu behar omen ditu. Etxekoandreak kasu gutxi egin zuela eta 4 urte beranduago Juan de Zuaznabarrek (Josephen iloba eta oinordea) Arteaga andrea berriro salatzen du osabari bizi bitartean ez ziola sekulan ordaindu eta diru hori eman behar diola. Oraingoan pleitua Valladolideko kantzelergoraino iritsiko eta honetan Vicenta Arteagaren alde jartzen dira (4).

Ordaindua ala ez, harmarriak palazioaren aitzinaldean jarraitu zuen 1953ean etxea bota zen arte. Ondoren urte askotan lurrean botata egon ziren zatiak inorek kasurik egin gabe, norbaitek bertan hondatzeko hobe zeudela bere etxea apaintzen pentsatu zuen arte. Bere alde esan beharra dago udalak itzultzea eskatu zionean berehala eta txintxo-txintxo entregatu zituela harriak.

1989ean ospitale xarra kultura etxea bihurtzea erabaki zenean deliberatu zen baita ere leku egokia zela harmarria jartzeko, baino hainbeste urte ondoren eta eraman-ekarriak apur bat zarpailak izan zirela eta harri batzuk konpondu beharra zegoen. Horretarako Leaburuko Tomas Ugartemendia eskultorea kontratu zen. Eta berriro harriak mugitzera!

Tomas Ugartemendia eskultorea J.K. Ezeiza eta J. Iñarrarekin

Begirada batean harri xafla mehea ematen dute baino ez, ia metro erdiko loditasuna duten harri kozkorrak dira, gruarekin igo eta kontuz kokatu behar direnak. Paretan ondo neurtutako zuloa egin, harria lehen geruza jarri, atzetik porlana bota eta zurezko euskarriekin eutsi itsatsi bitartean, gero bigarren geruza eta horrela puzzle erraldoi bat balitz bezala osatu arte arreta handiarekin.

Harmarria kokatzen

Eta hauek dira Oiartzungo liburutegiko ipar hormaren komediak. Beste batean jarraituko dugu eraikuntzaren beste historiekin.

Egileak: Arantza Lekuona eta J.K. Ezeiza.

 

Erreferentzia bibliografikoak:

 

(1) Oiartzungo udal artxiboan 1828ko kopia bat dago. A sekzioa, 13. negoziadoa, 1.liburua, 1. espedientea.

(2) Lukas Etxebeste jaunak kontatua.
(3) Ibidem.
(4) AGG-GAO COECI3801